PSOE 1975-1978 eta sujeto politikoaren aitorpena Estatuaren egituraketa konstituzionalean.

      Mikel Aldasoro Jauregi


      5- "Estatu erantzunkizuna" gardentasun demokratikoaren gainetik. Konstituzioaren nazionalismo espainiarra.


      5-b. Konstituzioaren arrastoa.

      1978ko abenduaren 6an Estatu osoan burutu erreferendumean Konstituzioak babes zabala lortu zuen, botuemaleen ehuneko larogeitik gora. Sozialistak pozik ziren, oso, baina ez erabat, izan ere Euskal Herrian izandako abstentzio kopuru oso altuak (zenbait alderdik abstentzio politikoaren aldeko kanpaina egin zuten) ezbaian jartzen zuen Konstituzioaren zilegitasuna. Hori zen Estatu osoko salbuespen esanguratsuena. Konstituzioa, bere bidea jarraituz, aste batzuen buruan jarri zen indarrean. Kitto. Harrez geroztik PSOEk (eta beste alderdi batzuek noski) bultzatu egitasmoa Estatuaren antolaketaren oinarri izatera igaro zen. Hemen amaitzen da lanaren denbora muga, baina testua itxi aurretik Konstituzioak lurralde antolaketaren inguruan ezarritako irizpide nagusiak aipatuko ditugu eztabaida konstituziogilearen osotasuna hobeki ulertzeko.

      Espainiako Konstituzioaren hitzaurreak ezartzen du "nazio burujabetza herri espainiarrean datzala, zeinaren baitatik sortzen diren estatuaren botereak". Beraz, nazioa da subjektu burujabea eta hortaz, burujabetza ez dago Estatuaren baitan. Estatu berean herri edo nazio bat baino gehiago dagoela onartuko balitz, inplizitoki onartua geratuko litzateke Estatu berean burujabetzaren subjektu bat baino gehiago dagoela eta hortaz, bete betean sartuko litzateke autodeterminazio eskubidearen auzia. Espainiako konstituzioarentzat ordea, burujabetza herri espainiarrean datza: hori da subjektu politiko bakarra eta homogeneoa, zatiezina, berezkoa eta ez ondorioztatua, subjektu bakarra era baztertzailean (ez baitu besterik onartzen).

      Konstituzioaren hirugarren artikuluak espainiar guztiei gaztelera jakitera derrigortzeak ere badu bere garrantzia, nazioaren kontzeptuaren barruan osagai garrantzitsuenetako bat biztanle guztiek hizkuntza bera ezagutzea baita. Hizkuntza nortasun ikurra eta nortasun egilea da. Antzeko zerbait gertatzen da bandera espainiarra lurralde osoan erabiltzeko derrigorra ezartzen duen laugarren artikuluarekin.

      Batera zein bestera, Konstituzioaren artikulu askok jasotzen du "batasunaren" gakoa. 56. artikuluak ezartzen du "Erregea dela Estatu burua, haren batasun eta iraunkortasunaren ikurra"; 76. artikuluak dio "Gorte Orokorrek herri espainiarra ordezkatzen dute"; 117`1. artikuluak "Justiziak herrian du jatorria eta Erregearen izenean ezartzen da"; 117`5. artikuluak "Batasun jurisdikzionalaren hastapena da epaimahaien antolaketa eta funtzionamenduaren oinarria"; 122. artikuluak "...epaile eta karrera magistratuek izaki bakarra osatzen dute"; 123. artikuluak "Epaitegi gorenak Espainia osoko jurisdikzioa du".

      Estatu barruko nazioen ukapena Konstituzioaren 11. artikuluan berresten da, izan ere Estatu espainiarreko biztanleei nazionalitate bakarra aitortzen die, nazionalitate espainiarra. Konstituzioaren testuan badira ere ustezko zenbait zirrikitu, adibidez oinarri zuzentzaileetan esaten duena "Espainiar eta Espainiako herri guztiak zaintzea". Hala ere honek ez du esan nahi Estatu barruan herri edo nazio desberdinak onartzen direnik. Doktrina konstituzionalak erakusten duenez, inondik ere ez. Honentzat herri bakarra da eta lurralde bakoitzak bere berezitasunak izango ditu baina beti herri espainiarraren barruan. Hortaz, "espainiar guztiak babestu" delakoak adierazi nahi du lurralde espainiarreko hiritar guztiak nazio espainolekoak direla.

      Nazionalitate eta lurraldeen autonomia eskubidearen onarpena beste zirrikitu edo zirrikitu asmo bat izan da. Herri baten zatiei autonomia onartzen zaie baina hau ezin da ulertu berezko burujabetza bailitzan, nazio espainiarraren emaria da eta hor du jatorria (aurrerago sakonduko dugu gaian). Edukin gehixeago du Lehenengo Eranskin Gehigarriak, non esaten den "Konstituzioak babestu eta errespetatzen ditu foru lurraldeen eskubide historikoak. Araudi foralaren eguneratzea Konstituzioa eta Autonomi Estatutuen markoan gauzatuko da". Eranskin honek euskal berezitasunak zuzenean aipatzen baditu ere (foru lurraldeak Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaia baino ez dira), ezin da ahantzi balizko onarpenaren mugak Konstituzioa eta estatutuak direla (eta estatutuak ere Konstituzioaren barruan).

      Kontzertu ekonomikoei dagokienez, Konstituzioaren aurrekoak izan arren, Konstituzioaren 156. eta 157. artikuluek ezartzen dizkiete muga zehatzak, Kontzertu Ekonomikoen idazkeran bertan onartzen diren mugak. Gainera, ezin dugu ahaztu Kontzertua ez dela foru lurraldeetako berezko legea, izan ere Estatuko Gorteek (12/1.981 legea) sortutako legeak eta ondorengo aldaketek arautzen dute arlo hau.

      Bere garaian, Nafarroako Parlamentuak herrialde honen nazio izaerari eutsi zion eta "Hobekuntzaren Legearen" irakurketa egiterakoan adierazi zuen aipatu legea ez zela Estatuaren lege bat, burujabe diren bi elementuren arteko hitzarmena baizik. Legearen sarrera testuak azaltzen du "Nafarroak Espainiaren batasun nazionalaren garapenarekin bat egin zuenean bere erreinu izaerari eutsi zion, eta horrela bizi izan zen, beste herri batzuekin, Espainiaren egitasmo handian". Nafarroako araudiari Lehenengo Eranskin Gehigarria egokitu zitzaionez, ez ohiko erregimen autonomikoa, batzuek aldarrikatzen zuten Konstituzioaren zenbait artikulu ezin zirela Nafarroan aplikatu eta Auzitegi Konstituzionalak berak ere ez zuela ahalmenik Estatua eta Nafarroaren eskumen arazotan parte hartzeko.

      Auzitegi Konstituzionalak Lehenengo Eranskin Gehigarriaren izaera juridikoaren funtsa argitu zuen otsailaren 6ko 16/1984 ebazpenean: "Nahiz eta Nafarroa bide berezi batetik iritsi den egungo araudi autonomikora (...) horrek ez du esan nahi ezin zaizkionik ezarri aipatu araudi konstituzionalak edo haietatik kanpo geratzen denik. Konstituzioak, hala da, elkarte autonomikoak hitz orokorra erabiltzen du lurralde eta nazionalitateen autonomian oinarrituta sortzen diren lurralde erakundeak izendatzeko, autonomiara iristeko bide desberdinak edo izendapen bereziak aintzat hartu gabe, eta era berean, "Autonomia estatutua" hitza erabiltzen du aipatu elkarteen oinarrizko araudia izendatzeko. Horrela, Konstituzioaren Lehenengo Eranskin Gehigarrian zehazten da araudi foralaren eguneratzea Konstituzioa eta autonomi estatutuen markoan gauzatuko dela". Azken batean, autonomia eskuratzeko prozedura desberdina erabili arren, gainontzeko elkarte autonomoen maila berean dago Konstituzioaren menpe.

      Autonomia estatutuen jatorriaz mintzo da Konstituzioaren 81. artikulua eta bertan ezartzen du "Lege organikoak dira (...) Autonomi Estatutuak onartzen dituztenak (...) eta aurrerago gaineratzen du "lege organikoen onarpena, moldaketa edo deuseztapenerako beharrezkoa izango da Kongresuaren gehiengo absolutua". Hortaz, argi geratzen da non dagoen burujabetza, lurraldeetako estatutuak Gorteek emandako estatutuak baino ez dira izango. Eta 81. artikuluak aski argi utzi izan ez balu, 147.1 artikuluak esaten du Autonomi Estatutuak Estatuaren egituraketa juridikoaren zatia direla eta Gorteei dagokiena onartu edo aldatzea.

      Konstituzioak espreski ukatzen du autonomi estatutuen balizko izaera autodeterminazalea. 147.3. artikuluak jasotzen duenez "Estatutuen moldaketa euren araudiaren arabera buruko da baina, edonola izanda ere, Gorte Orokorren onespena behar izango du lege organiko baten bidez".

      "Lurralde eta nazionalitateen autonomia eskubidea" jasotzen du Konstituzioaren bigarren eta 137. artikuluek. Baina azken artikulu honek kontzeptu mailan (ez eskumenetan) pare parean jartzen ditu elkarte autonomoak, herrialdeak eta udalak. Elkarte autonomoen burujabetzarik gabeko izaeran sakontzeko 137. artikuluak azpimarratzen du Estatuaren egiturak direla, hitzez hitz: "Lurraldetasunari dagokionez, osatuko diren udaletan, herrialdetan eta autonomi elkartetan antolatzen da Estatua".

      1978ko Konstituzioan eskumenen banaketarako zehazten diren irizpideak eta bideak korapilotsu samarra badira ere (ad. 150. artikuluan Gorteen baimen espliziturik gabeko bide berezia jasotzen da elkarte autonomoek eskumenak har ditzaten baina beti ere atzeragarritasunarekin), bi irizpide garrantzitsu daude; estatuko lege batek ezarritako oinarri eta mugen barruan baino ezin izango dira zabaldu lege garapenak eta Gorte Orokorrek jarraipena egiteko aukera izango dute (150.1. artikulua); Estatuak berari dagozkion gaien inguruko eskumenak eman ahal izango ditu, baina ez oso osorik, baizik eskumenei dagokien atal bat. Eta hori transferitzeko gai diren arlotan bakarrik, izan ere Estatuaren burujabetzaren islada diren eskumenak ezin izango dira inolaz ere autonomi elkarteen esku utzi (nazionalitatea, defentsa, nazioarteko harremanak, txanpona... -150.2.artikulua).

      Eskumenen banaketatik ondoriozta liteke autonomiei onartzen zaien Estatuaren eskuhartzerik gabeko eskumenetan behintzat izango dutela erabateko askatasuna, baina ez, ez da horrela. Autonomien berezko eskumenek ere muga dute, Estatuaren esku geratzen baitira 149. artikuluan biltzen diren ia arlo guztietako luzapena izan dezaketen izenburuak ("espainiarren berdintasun bermatuko duten baldintzak, betebehar konstituzionalen jarraipena, plangintza ekonomikoa, gizarte bermea...). Auzitegi Konstituzionalaren urtarrilaren 28ko 1/1982 ebazpenak ezarritakoaren arabera, izenburu hauetan oinarrituta Estatuak legeri orokorra ezarri ahal izango du Elkarte Autonomo guztietarako eta gero bigarren hauei egokituko zaie nabardurak moldatzeko aukera.

      Aipatu izenburuak autonomien eskumenak murrizteko bidea ematen dute, baina ez dira irizpide mugatzaile bakarrak. Konstituzioaren 131.1. artikuluak adibidez adierazten du "Estatuak, lege bidez, iharduera ekonomiko orokorra antolatu ahal izango du lurralde eta arlo garapenak orekatzeko". Ekonomia garapenaren lerro nagusiak finkatzea Estatuaren esku egongo da. 133.1. artikuluak antzeko irizpidea jartzen du zergen inguruan, hots, "zergak ezartzeko berezko eskumena Estatuari dagokio, lege bidez". Estatuaren lurraldearen luze-zabaleran dauden aberastasunen jabetza ere "nazio espainiarraren interes orokorraren menpe egongo da" (128. artikulua).

      Antolaketa autonomikoaren irakurketa federalista bortxatuena ere lurrera botatzen du Konstituzioaren idazkerak. Elkarte autonomoen arteko harremanak ez dira askeak, baldintza zehatzak bete behar dituzte eta askotan ezinbestekoa da Estatuaren baimena. Horrela, Konstituzioaren 145.1. artikuluak espreski debekatzen du elkarte autonomoen federazioa. Are gehiago, elkarte autonomoek euren zerbitzuak trukatu edo kudeatzeko baino ezin izango dituzte hitzarmenik erdietsi, Gorte Orokorrei jakinaraziz eta estatututan aipatu aukera aurrikusten bada. Gainontzeko kasu guztietan Gorte Orokorren baimena beharko dute (145.2. artikulua).

      Estatua eta elkarte autonomoen artean eskumen arazoak sortzen direnean Auzitegi Konstituzionalari dagokio irtenbidea ebaztea. Auzitegiaren osaketan ordea, berriro ere argi geratzen da Estatuaren burujabetza bakarra, elkarte autonomoek ezbaitute esku hartzen. Konstituzioaren 159.1. artikuluak arautzen du Auzitegi Konstituzionaleko 12 kide Erregeak aukeratuko dituela: lau Kongresuak proposatuta, beste lau Senatuak proposatuta (bi kasutan hiru bostenen gehiengoaren babesarekin) Gobernuak bi izendapen proposatuko ditu eta Aginte Judizialaren Kontseilu Orokorrak beste bi.

      Orain arte ikusitako burujabetza bakarraren berme guztiez gain, Konstituzioaren 155. artikuluaren eranskin batek ezartzen du "Elkarte Autonomo batek ez balitu beteko Konstituzioa edo beste lege batzuek ezarritako betebeharrak, edo bere jokamoldeak Espainiaren interes orokorraren aurka larriki erasotuko balu, Gobernuak, Elkarte Autonomoko lehendakariari jakinarazi ondoren eta erantzun egokirik ez ematekotan, Senatuaren gehiengo absolutuaren babesarekin, beharrezko neurriak hartu ahal izango ditu Elkarte Autonomoak bete ditzan interes orokorraren arabera derrigorrezkoak diren beharrak". Lehenengo neurriak presio politikoak eta mehatxuak izango lirateke noski, baina hala ere gauzak ez balira zuzenduko pentsatzekoa da Gobernuak indar irtenbideak aukeratuko lituzkeela salbuespen edo setio egoera ezarriz, Konstituzioaren 116. artikuluak arautzen duen bezala. Testuinguru honetan, bereziki setio egoeraren jakinarazpenaren haritik, indar osoa du konstituzioaren VIII. izenburuak, zeinak indar armatuei aitortzen dien Espainiaren burujabetza, independentzia, lurralde batasuna eta araudi konstituzionalaren bermea.


      6- Ohar pare bat amaitzeko

      Aurkibidea Etxera